
Hamabostaldi Kulturala 2007 bihar hasiko da Orexan. Urteroko ohiturari jarraituz, adin guztietako jendartearentzat antolatu dituzte azaroaren 3rarte iraungo duten ekitaldi anitzak.Hamabostaldia antolatzen ibili diren herritarrek, etxeko nahiz kanpoko jendearen parte-hartzea bultzatu nahi izan dute; «hamabostaldia orexarrei zuzendua dago batez ere, baina baita ingurukoei ere. Denei eskainitako egitarau hau, irekia eta parte-hartzea bilatzen duena» dela aipatu dute. Ekitaldiei dagokienez, hitzaldi, herri bazkari zein afari eta musika emanaldiak izango dira bihar hasiko diren jardunaldien oinarriak. Hauekin batera, antzerki lanak ikusi eta taloak egiten ikasteko aukera ere egongo da. Niko Etxarten Rocka
Hilaren 27an, larunbatean, lehenik taloa egiten ikasteko aukera egongo da herriko elkartean eskainiko den ikastaroan. Ikasi eta eginarekin afari-merienda egin ostean, euskal kantari ospetsu bat ikusteko aukera egongo da. Niko Etxartek, Altzurukuko (Xiberua) semeak, euskal kanta herrikoiak eta Rock and Roll-a uztartuko ditu. Larunbatean beraz, Dominika eta Niko Etxart & Robert Larrandabururen musika emanaldia egongo da 22:30ean. Hala eta guztiz ere, parranda handirik bota gabe etxera joatea komenigarria izango da, hurrengo egunean, XX. Uitzi-Orexa ibilaldia egongo baita. Indarrak berritzeko berriz, 14:00etan herri bazkaria burutuko dute, Xapre eta Zarra trikitilarien kantu alaiez lagundurik.
Bihar 21:30ean zabalduko ditu ateak kulturaren jaiak Orexan. Almitza Sega Elkarteak Europan segalaritzak gaur egun duen osasuna aztertuko du. Etzi berriz, atzerrira joandako euskaldunak izango dira hizpide Fermin Zelaieta, Joxe Mari Arretxea, Jesus Mari Jarajuria eta Juan Luis Altzugaraik. Hauek, Euskal Artzaiak Ameriketan gaia jorratuko dute 21:30ean hasiko den hitzaldian.
Antzerkiak bere tartea, hilaren azken egunean eta azaroaren lehenean izango du. Henry Bengoa Inventarium eta Inaxitoren Ametsak antzezlanekin. Azken hau, haurrentzat zuzendua joango da eta amaieran merienda egingo dute bertara gerturatu diren txikiek. Azaroaren 2an, ostiralean, Jon Maia bertsolari eta bidaiariak, Apaizac Obeto ikus-entzunezkoa aurkeztuko du.
Hamabostaldi kulturalaren azken egunak irlandar kutsua izango du. Lehenik, 21:00etan, herri afari irlandarra ospatuko dute. Ondoren, Turlach taldeak uharteko musika doinuak eskainiko ditu. Amaitzeko, DJ Bull-en saioa egongo da.
Erakusketak
'Errusiarako leihoa'
TOLOSA, Aranburu Jauregi - 2008-11-29
Deialdiak
Lizardiko eskopetarien afaria
TOLOSA, - 2008-11-15
© Tolosa Herria Hedabideak S.L. - Araba etorbidea 5, atzea 20400 - TOLOSA - Tel.: 943 65 56 95
Faxa: 943 65 00 18 - E-posta: tolosaldean@tolosaldekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Tolosa Herria Hedabideak S.L.ko kideak: Galtzaundi Euskara Taldea
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Tolosaldeko Berriak Kultur Elkartea: 77 gizarte eragile.